2011/01/14

Ezin izan dute deklaratu Ermitatzen identifikatutako gazteek

Goizeko 9:30etik aurrera deituta zeuden Getxoko Guardiako Epaitegian joan den ostiralean Ertzaintzak Plentziako Ermitatze gaztetxean identifikatutako zazpi neska-mutilak. Horietako batzuk aurkeztu diren arren, ez dute deklaratzerik izan. Hasiera batean, atzerapenaren arrazoia "sare informatikoan matxura" zela adierazi diote epaitegiko langileek Iñaki Carro Bilboko Okupazio Bulegoko abokatuari. Lehenengo gaztea sartu behar zenetik bi ordu igaroak zirela, berriro joan da galdetzera letradua. "Matxura ikusita, epailea beste zereginetan" zebilela esan diote orduan. Hala ere, ez diote magistratuak laster hartuko zituen ala ez argitu. Eguerdiko 11:45 inguru zirela alde egin dute abokatuak eta gazteek. Izan ere, "arazo informatikoak tarteko", neska-mutilei agertze-akta egiteko aukerarik ere ez omen zeukaten tokiko langileek. Zazpi gazteei usurpazio delitua leporatzen diete, Antolin Deuna plazatxoko Uriartenatxikia etxeko jabeak salaketa jarri ostean. Argazkian, Ermitatze gaztetxea / © Plentzia eta Gorlizko ezker abertzalea.

"Nahikoa daukate idazmakina bat hartzea", bota du harriduraz Iñaki Carro Bilboko Okupazio Bulegoko abokatuak. Nahiz eta horretarako deitu, agertutako gazteetako bati ezin diote Guardia epaitegian deklaraziorik hartu, adin-txikikoa delako. Hori adierazteko agiririk ere ez diote egin mutilari. Bigarrenez deitu arte itxaron beharko dute gazteek. Bestalde, usurpazio delituan, Getxokoa, premiazko diligentzia prozedura erabiltzen duen epaitegi "bakarra" dela nabarmendu du Carrok; baita bere desadostasuna agertu ere. Bere ustez, denbora gehiago behar da alderdi guztiak aztertzeko: "etxearen egoera zein den, erortzeko arriskuan dagoen, jabea salaketa jarri duena ote den...". Bestalde, "demagun hamar minutu baino ez dituzula egin gaztetxean eta, hain justu, identifikatzen zaituztela. Nahikoa ote da usurpazio delitua leporatzeko?", gaineratu du letraduak. Auzia prozedura arruntera aldatzea eskatuta dauka Carrok.
(uk-berri)

No hay comentarios: